XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez nekien Mertxe asmaduna zenik, eta pentsamenduetan gelditu nintzen piska batean.

Beharbada horrexegatik ez zuen Dixin dantzarik egiten.

Edo horrexegatik ez zidan sekula autobusaren atzetik joaten uzten, eta nahiago zuen hurrengoari itxarotea.

Harritu ninduen gauza bakarra niri sekula ez aipatzea izan zen, eta zure lagunik minenak ere, hain ondo ezagutzen omen duzun pertsona horrek ere, hamaika urtetan susmatuko ez zenituzkeen gauzak ezkutatzen dizkizula.

Arakatzen jarraitu nuen. Bainu-txanoa, uretarako txanklak, esku-oihal txiki-txikia, hiru pare kirol-galtzerdi...

Batere interesgarria.

Azken boladan aurkikuntzarik ezagatik piska bat desanimatuta, dena bere lekuan ipini eta maleta zegoen bezalaxe uztea erabaki nuen lagunaren gurasoek aztertu nuela susma ez zezaten.

Aurkitu nuen bezain ordenatua uztea zen arazoa, eta ez nengoen horretaz hain seguru. Uste dut gutxi-gorabehera lan fina egin nuela eta edonork ikusi izan banindu arropaz oso neska arduratsua nintzela pentsatuko zuen.

Edonor ama izan ezik, jakina, beti errietan ari zaidalako gela hain desordenatuta izateagatik.

Gauza guztiak berezko lekura itzuli ziren salbu Mertxek niretzat erositako ziur nengoen Kurt Cobainen elastikoa, jakina.

Ezin zen bestela izan, nire Nirvanaren liderrarenganako debozioa ezagututa.

Guztiaren gainean bainu-poltsa ipini eta berriro uhal elastikoak lotzerakoan, bainu-poltsa ere miatzeko irrika piztu zitzaidan, ea sekretu pentsaezinak gordetzen zituen.